XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oinarrizko arauak

1. EGUNKARIA euskaraz da, eta hau funtsezkoa den arren, arazo nagusia beste bat da: euskarazko egunkari ongi informatua, profesionala, orekatua, baterakoia eta nazionala eskaintzea, alegia.

Hasieratik definitu zituen EGUNKARIAk bere Oinarrizko Ezaugarriak: euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, erakunde politikoetatik independentea, erdarazko beste medioetatik independentea, ez instituzionala, instituzioek lagundua, militantea, profesionala eta berria.

Ezaugarri hauek eguneroko jardunean uztartzeko modua zehaztea Kontseilu Editorialari dagokio.

Prentsa independenteak oinarrian du albisteak ez manipulatzea, hori baitu irakurleen eskubideak zaintzeko modurik hoberena.

Hala ere, albiste oro ikuspuntu batetik ikusi, hartu edo idatzi ohi da.

Kazetari profesionalak, beraz, beti jakingo du bere alderdikeriak eta aieka-interesak bazter uzten, bere ideologiari uko egin gabe.

EGUNKARIAren oinarrietan aipatzen den nazionaltasunak zenbait baldintza betetzera behartzen gaitu.

Oso kontuan hartu beharko du kazetariak Euskal Herri osoaren lurraldetasuna izan behar duela gogoan, euskararen mugapeak estatu artekoak direla, eta honek garrantzi handia du, ez terminologia politikoa bakarrik, baita hitzen mailegatzean ere.

Lurraldetasuna

2. EGUNKARIAren nazioaren izena Euskal Herria da.

Euskal Herria bi zatitan dago banatua aspalditik: Ipar Euskal Herria (Iparraldea), eta Hego Euskal Herria (Hegoaldea).

Ipar Euskal Herriak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa hartzen ditu.

Iparraldea ez da probintzia.

Beraz, Iparralde hitza hiru probintziok hartzeko erabiltzen da, edo Hegoaldearekiko konparazioetan edo baliokide politikoetan.

Hegoaldea ere ez da probintzia.

Beraz, Hegoalde hitzak lau probintziok hartuko ditu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa.

Ipar Euskal Herriak ez du erakunde politikorik.

Pirinio Atlantikoak departamenduko zatia da.

Departamendu hau Akitania erregioko parte da.

Hego Euskal Herriak bi elkargo politiko ditu: Nafarroako Foru Komunitatea, eta Euskal Autonomi Elkartea (EAE).

Euskadi hitzak ez du beti Euskal Herria adierazten.

Egungo dinamikan, Nafarroa kanpo utzi ohi du Hegoaldean.

Euskalerria XIX. mendeko aldizkari baten izena da.